XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iruzur fiskalaren aurkako batzorderik ez Gipuzkoan

EAJ , EA eta PSEk ezezkoa eman zioten HBk eginiko ez arauzko proposamenari

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ez dute iruzur fiskalari jarraipena egiteko batzorderik izango, EAJ, EA eta PSEk ezezko borobila eman baitzioten atzo HBk eginiko proposamenari.

Alderdi abertzalearen esanetan, Gipuzkoan egiten den iruzurra ia bildutakoaren adinakoa da eta hiru alderdiei ea zer ezkutatu nahi duten galdetu zien.

HBko ordezkaria den Xabier Olanok, Batzar Nagusietako Ogasun Batzordearen bileran adierazi zuenez, beti esan dugu iruzur fiskala arazo larria dela eta datuek azaltzen dutenez, iruzurra Foru Ogasunak biltzen duenaren adinakoa da.

Horregatik, iruzurrari aurre egingo dion batzorde berezi bat sortu beharra aldarrikatu zuen.

Orain arte Batzar Nagusi hauen funtzioa Diputazioak egindakoaren informazioa jasotzea izan da, eta benetan iruzurrari jarraipen bat egiteko eta behar diren neurriak hartzen joateko oso interesgarritzat jotzen dugu batzorde berezi bat sortzea azaldu zuen.

Ez arauzko proposamen honen arabera, ponentzia edo batzordea irekia izango litzateke eta bertan, Batzar Nagusietako kideez gain lekua izango lukete sindikatu, enpresari eta kontsumitzaileen elkarteek, baita lankidetzarako prest legokeen edozein pertsona edo erakundek ere.

Legegintzaldiaren amaieran mota honetako batzordea sortzeak zentzu handirik ez duela onartu bazuen ere, hurrengo legegintzaldietarako aurrekari gisa balioko lukeela esan zuen Olanok, une honetan konpromisoa hartzea beharrezkotzat jo baitzuen.

Gainera, eskaera joan den azaroan egin zela gogoratu zuen, geroztik geldituta egon bada ere.

PP eta PSOEko ordezkariak proposamenaren zentzuarekin ados zeudela esan zuten, baina ez dela une egokia adierazi zuten.

PP, gainera, batzorde hori Batzar Nagusietatik harantzago zabaltzearen aurka agertu zen, eraginkortasuna galduko bailuke.

Emaitza onik ez

EAJ eta EAko batzarkideek, une egokia ez dela azaltzeaz gain, batzordearen sorreraren aurka hainbat arrazoi eman zuten.

EAJko ordezkariak esan zuenez, iruzurrari buruzko informazioa jasotzeko bideak zehaztuta daude jada eta beste erakundeetan Arabako Aldundian egin diren saiakerek ez dute emaitza onik eman.

Batzarkide jeltzalearen ustetan, iruzurraren aurkako apustua Ogasun Saileko langileek egin behar lukete, beraiena baita ardura.

EAko ordezkaria bat etorri zen iritzi hauekin eta beste batzuk gaineratu zituen.

Alde batetik, ponentziaren eginkizun zehatzari buruzko zalantzak agertu zituen, ez baitakigu Diputazioaren lana kontrolatu behar duen, aginduak eman behar dituen edo zer.

Bestetik, arriskutsua izan daitekeela ohartarazi zuen, isilpeko datuak ezagutaraziko baitira.

Eta azkenik, hurrengo legegintzaldiko batzarkideen lana hipotekatu egingo litzatekeela esan zuen.

Bozketa garaian, HBk eta IUk bakarrik eman zuten baiezko botoa, EAJ, EA eta PSEk kontra egin baitzuten eta PP abstenitu.

Bileraren amaieran Xabier Olanok adierazi zuenez, Batzar Nagusien eginbehar nagusia herritarren dirua zertan erabiltzen den argi eta garbi erakustea da. Baina badirudi batzuk gauzak ezkutuan egin nahi dituztela, batez ere agintetik gertu daudenek.